Lauaxeta Ikastola

Historia

Lauaxeta Ikastola, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” poetarengatik hala deitua eta 1977an eratua, hasierako 150 ikasleetatik 1.450 izatera pasatu zen lehen hamar urteetan, eta 9 ikasletik 75era denbora berean.

Harrezkeroko garaietan, azpimarratzekoa izan zen 1988tik 1993rako bitartea, urte haietan Ikastolak lan-ildo bereizgarri batetik jo baitzuen, hezkuntza-berrikuntzan eta, horren osagarri, kudeaketaren berrikuntza etengabean oinarrituta, erakundearen iritzia zelako hezkuntza-bikaintasunak erakunde-bikaintasuna behar duela bidelagun.

Hausnarketaren fruitu, Lauaxeta Ikastolak 1996-2000, 2000-2004 eta 2004-2008ko Plan Estrategikoen aldiari ekin zion, Hezkuntza Proiektuaren ardatz hartuta balioak, gizabanakoa bizitzan zehar ikasteko prestatu beharra eta azpiegituren berrikuntza.

Horrekin bat, Zuzendaritza Taldeak bikaintasunaren kudeaketan trebatuko zela erabaki zuen, EFQM ereduaren ildotik “kudeaketa berrituz berrikuntza kudeatzeko” asmoz. Helburua lortzeko, prozesukako kudeaketa-sistema bat diseinatu eta ezarri zen hezkuntza proiektuaren alde, eta emaitza gizartearengandik jasotako sariak eta aitorpenak dira. Urteroko txostenetan ageri direnak ahaztu gabe, honako hauek nabarmenduko ditugu: 2001eko zilarrezko Q-a (400 puntu baino gehiago EFQM ereduaren baremoan); Hezkuntza eta Zientzi Ministerioaren Kalitatearen Saria, bi aldiz eskuratua, 2001ean eta 2002an; 2003ko urrezko Q-a (500 puntutik gora); finalista 2004an eta 2006an Europako Sarian; Espainiako ikastetxerik onena azken urteetan, El Mundo egunkariaren sailkapenaren arabera; eta Prize Winner for Management by Processes & Facts eta EFQM Excellence Award Winner sariak 2007an.

2004-2008 eta 2008-2012 Plan Estrategikoekin, Lauaxeta Ikastola Gizarte Erantzukizunaren eta berrikuntzaren kudeaketaren bidetik abiatu da, ikastetxeko jarduerak eta emaitzak modu arinago eta eraginkorragoan kudeatu ahal izateko eta pertsonen parte-hartzea eta gaitasunak hobetzeko.

Sortu zenetik, agerikoa izan da erakundeak berrikuntzaren alde erakutsi duen konpromisoa. Guretzat lehentasunezkoa da gizartearen beharrak igartzea eta haietara moldatzea, hiru tresna baliatuz: hezkuntza-proiektua, IKTen erabilera eta kalitateko kudeaketa.

Lauaxeta Ikastolaren himnoa
  • Q de calidad 2001
  • Q de calidad 2003
  • Cooperativa de utilidad pública
  • EFQM
  • Certificado de Escuela Sostenible
  • UNESCO
  • Cambridge English Language Assessment
  • Distinguished Educator
  • Logo heldutasuna IKT