Albisteak-Bloga

Mutilek ere askatasunean hazi eta garatu behar dabe

Zalantzarik gabe, emakumeen eskubideen alde lan egiten eta aurrera egiten jarraitu behar da, baina ez dogu ahaztu behar mutilek ere, batzuetan, estereotipo mugatzaile batzuek baldintzatuta bizi direla, eta estereotipo horreek ez dietela uzten sentitzen daben eta diren bezala garatzen. Ideia honeri buruz, Ritxar Baceteregaz elkarrizketan aritu gara, eta zugaz hausnarketa interesgarri batzuk partekatu nahi doguz.

Ikusi nahi?

 

Lauaxeta Ikastola Ritxar Bacete

Ritxar Bacete (Gasteiz, 1973), idazlea, antropologoa, gizarte-langilea eta espezialista da generoan, maskulinitateetan, feminismoan, bardintasun-politiketan eta aitatasun positiboan. Aita eta antropologo aditua dogu.

Bere eskutik, mutilen hezkuntzari eta garapenari buruzko begirada interesgarri bat jaso dogu. Hezitzaile bezala (guraso edota irakasle garen heinean) eragin positiboa izan daikegu mutilengan eta parte garen gizartearen hobekuntzan.

Bere liburuetako batean dinoan bezala, "Mutilek, mugakorrak diran estereotipo eta baldintzapenetatik aske hazi behar dabe. Munduan izateko eta egoteko aukerak zabaldu behar deutseguz; maskulinitate barri bat eskaini, positiboa eta askotarikoa, mutilei beren emozioekaz, gorputzagaz, zaintzagaz eta samurtasunagaz konektatuta egoteko aukera eskainiz ".

Ritxar hainbat libururen egilea da, hala nola El poder de los chicos, bereziki haurrei zuzendua. Bertan, erronka, gogoeta eta jolasen bidez, beren nortasuna deskubritzera gonbidatzen dauz mutilak, askatasunetik abiatuta, "Beste gizon bat behar baita, androginoa, umeak berak nahi dauan bezalakoa izateagatik penalizatua izan gabe".

“Papá” liburuak aitatasuna dau ardatz, eta aita direnentzat eta euren seme-alabentzat onuragarriagoa dan figura baten garapena planteatzen dau; maskulinitate eraldatzailea eraikitzen dau, seme-alaben hezkuntzak daukan ikasketa eta aldaketa gaitasunaz baliatuz. Izan ere, Ritxarrek dinoenez, "Maskulinitate toxikoa berrezteko eskolarik badago, hori aitatasun kontziente, baketsu eta presentea da".

Berea da baita “Nuevos hombres buenos: la masculinidad en la era del feminismo”  liburua, maskulinotasunari buruzko beste ideia batzuetan ere eragina dauena.

- Erreferenteak falta jakuz, ezta?

Baliteke falta edo soberan egotea, begiradaren arabera. Hau da: erreferente toxiko eta zaharkituak soberan doguz; eta maskulinotasun askeagoa eraikitzeko balio daben erreferenteak falta jakuz, ordea. Askotan, arrakastagaz, garaipenagaz eta lehiakortasunagaz lotutako maskulinotasun-ereduak eskaintzen dira. Bizitzan ikasketa iturri diranb porrot eta zalantzak ez dira erakusten.

Ideal horrek, norbere frustrazioa eta zoritxarra bultzatzen dauz, gure bizitza ideal horregaz alderatuz, maila berean ez dagoela sentitzen baitogu. Erreferenteak falta jakuz bai, baina erreferente onak.

- Gaur egun, zeintzuk dira erreferenteak eta zein bidetatik egituratzen dira nagusiki?

Komunikabideek, publizitateak, sare sozialek, askotan, maskulinotasun-erreferenteak transmititzen dabez, eta kasu askotan ez gaitue aniztasunagaz eta askatasunagaz lotzen, baizik eta maskulinotasun-eredu toxiko bategaz.

Pixkanaka, ordea, kimu berdeak agertzen hasi dira, eta horreek eredu positiboagoak erakusten deuskuez.

Zorionez, marrazki bizidun eta film barrienek balio erantsi handiagoko eredu bat islatzen dabe.

- Baina begirada entrenatu eta ahalegintzen bagara, aitatasun kontzientearen ereduak ere aurkitzen doguz historian, ezta? Zein nabarmenduko zeunke euren artean?

Ahaleginduz gero, badaukaguz bai, erreferentziazko eredu erabilgarriak historian: Akenaton bera, garai hartako irudietan Nefertiti emaztearen eta alaben ondoan agertzen zan, maitasunezko eta samurtasunezko jarrera batean; Konfuzio ere aurkitzen dogu, indarkeriari lotutako diziplina zalantzan jarri ebana; edo Jhon Lennon, aitatasunari esker esperientzia eraldatzailea bizi izan ebana, … nire liburuan jasotzen dodazan ereduetariko batzuk dira.

Maskulinitate eta aitatasun positiboago batetik berreskatatu eta balioetsi daikeguzan figurak, garai hartan nagusi zan iritziaren aurka egin ebenak.

Batzuetan, erreferenteak aurkitzeko, gure begirada ere aldatu behar dogu, bai historiarenganako eta baita gure biografiarenganako ere.

- Eta aitatasunaz hitz egitean, maskulinotasunaz eta seme-alabez ere hitz egiten dogu, baina zer gertatzen da haietaz? Zelan lagundu aske izaten? Haurrengan ikusi nahi dogun aldaketa izatea dagokigu. Gure ahuleziak, gure zalantzak, beldurrak eta alde gizatiarrena ere agerian itziz.

Gauzak aldatu nahi badoguz, sustraietara, lehen haurtzarora eta gure etxera jo behar dogu. Hor daukagu aukera eta erronka nagusia. Hasteko, gure familiaren errealitatea berrikusi daikegu, eta gure seme-alabengan garatu nahi dogunagaz koherentea dan aitatasuna eta maskulinotasuna eskaini, egunerokoan.

- Zure ustez, zer egin ddaikegu ikastolek eta gurasoek haurren eredu eta erreferenteak aldatzeko orduan?

Hezitzaileok (familiak eta ikastolak) maskulinotasunaren eredu eta erreferente positiboak erakutsi daikeguz, horreek historiatik, gaurkotasunetik eta geure adibidetik erakutsiz.

Bizi garen gizartean, zaintza-lanbideak garatzen dabezan pertsona gehienak emakumeak dira oraindik ere, eta horrek disonantzia kognitiboa eragiten deutse gure haurrei, bardintasunezko gizarteaz hitz egiten deutsegu, baina errealitatea oraindik bestelakoa da.

Militantzia handiagoa egin behar dogu egunerokotasunean, etxetik hasita, zaintzaren erantzunkidetasunean oinarrituta, eta ez zereginak gauzatzeko laguntzan bakarrik.

Ikastola askok bardintasunerako agenda bat garatzen dabe, eta estereotipo eta eredu jakin batzuk zalantzan jartzen dabezan ekimen asko egiten dira, baina oraindik lan gehiago egin behar da hezkidetzan oinarrituta, mutilei lagunduz eurek ere askeak izan daitezan, eurak ere sexismoaren eraginpean dagozalako. Agendetan hori ere txertatu behar da; izan ere, bardintasuna erlazionala da, eta bere baitan dakar bai emakumeekaz bai mutilekaz lan egitea.

- Zure ustez, pandemiaren esperientzieak aeragina izango du nolabait maskulinotasun- eta aitatasun-ereduetan?

Argi dago danok hunkitu eta ikutu gaituela esperientzia honek. Azken urteko errealitateak erakutsi deusku zer dan benetan garrantzitsua. Oinarrizko lanak badagoz ere, kasu askotan lanari gehiegizko garrantzia emoten deutsogula erakutsi deusku. Familiaren zaintza eta harenganako arreta, zein garrantzitsua dan ere islatu dau.

Ziur asko, esperientzia honek bardintasunarengan eta maskulinotasunarengan eragin bat itziko dau. Gure seme-alaben hezkuntzak eta zaintzak daukan dimentsioaz ohartu gara.

Hazi batzuk erein dira, bai, baina orain lurra zaindu behar da, bizitakoak egiturazko aldaketa positiboak eragin dagizan.

Hala da. Eskerrik asko zure ekarpen eta hausnarketa guztiengatik. Gure zeregin pertsonalen eta gurasoen zerrendan zein ikastolan garatzeko agendan kontuan hartuko doguz.

Antzerako albisteak

06-10-2021

Bagoaz errutina barrietara egokituz

Pixkanaka, ikastaroa aurrera doa eta errutinara egokitzen ari gara. Txikitxoenak ere bai. Horren erakusgarri, euren aurpegiak. Txikienek, sentitzen dabena adierazten dabe, eta argazkiak horren islada baino ez dira. Beraz, aitatxu, amatxu, lasai eta aurrera!

30-09-2021

Familia + ikastola, indarrak batuz

Ikasturtea hasi eta ia konturatu gabe hilabete barri baten aurrean gagoz. Joan dan astean amaitu dira Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasturte hasierako bilera guztiak. Familien eta tutoreen arteko topaketa- eta informazio-bilerak.
Segi irakurtzen.

Ate irekiak 2022

  • Q de calidad 2001
  • Q de calidad 2003
  • Cooperativa de utilidad pública
  • EFQM
  • Certificado de Escuela Sostenible
  • UNESCO
  • Distinguished Educator
  • Logo heldutasuna IKT
  • Academica diploma dual international studies
  • Cambridge English Language Assessment
  • Onetwothink