Aurki gaitzazu
Lauaxeta Ikastola > Oharrak > Ongi etorriak 2025-2026 ikasturtera!

Udako oporrak atseden hartzeko eta urtean zehar egiteko aukerarik izaten ez ditugun plan eta jarduerez gozatzeko balio izan dizuela espero dugu. Bihotzez, ongietorri ikasturte berrira.

2025-2026 ikasturtea ilusioz, erronkez eta proiektuz beteta dator. Irailero bezala, lehenengo egunak emozioz beterik datoz: ikaskideekin berriz elkartzearen poza, oporren amaieraren nostalgia eta helburu berriekin hasteko gogoa. Lehen aldiz Lauaxetara etortzen zareten familientzat, sentipen horiek are biziagoak izan daitezke. Lasai: elkarrekin gaude bide honetan. Zuen seme-alaben tutoreak zein ikastola osoa alboan izango dituzue, eta baita esperientzia gehiago duten familiak ere, egokitzapen prozesuan lagunduko dizuetenak.

Hitz berezi batzuk helarazi nahi dizkiegu txikien familiengana: lehen aldiz eskolara etortzen zareten horiei. Normala da urduritasuna sentitzea, agian haiek baino gehiago ere. Gogoratu, ordea, eskolatzea haien garapenean urrats natural bat dela, ibiltzen edo hitz egiten ikastea bezain garrantzitsua.

Aurten, gainera, ongietorri berezia ematen diogu 1 urteko gelei. Lehen aldiz izango ditugu gure artean hain txikiak diren haur eta haurrak, eta ohore bat izango da haien ibilbide esanguratsu honen hasieran lagun egitea.

Ikasturtea, halaber, proiektu eta erronka berriz beteta dator. 2025-2026 ikasturtea gure Plan Estrategiko berriko bigarren urtea izango da, eta hurrengo urteetan Lauaxetaren norabidea markatuko du. Laster xehetasun gehiago partekatuko ditugu, baina azpimarratu nahi dugu berrikuntzaz harago, gure lehentasuna beti bezalakoa izango dela: egiten duguna ondo egitea.

Urtero bezala, ikasleen ongizate fisiko eta emozionala jarri dugu erdigunean, badakigulako ondo sentitzen den ikasleak bere ahalmen osoa garatu dezakeela eta eskaintzen dizkiogun ikaskuntza-esperientziak ahalik eta gehien aprobetxa ditzakeela. Horretarako, ezinbestekoa da familia eta ikastolaren arteko komunikazioa hurbila, sendoa eta etengabea izatea.

Lehenengo egun hauetan, jasoko dituzuen komunikazioei adi egoteko eskatzen dizuegu, ikasturtea behar bezala hasteko funtsezko informazioa izango baitute.

Aurten ere, komunitate gisa elkarlanean jardun behar dugu: ikasleak, familiak eta ikastola. Helburua argia da: ikasle bakoitzak bere gaitasunak eta ahalegina baloratzea, bere helburuak lortzea, zailtasunak gainditzea eta, horren guztiaren bidez, bere buruari eta gizarteari etorkizun hobea eraikitzea.

ONGI ETORRIAK! Eta jarrai dezagun elkarlanean. 💫

Azken albisteak

2025/12/19
Lauaxeta osoaren partez: Gabon zoriontsuak
2025/12/19
Generoa, identitatea eta sexu-orientazioa: errespetuan heztea
2025/12/18
Istorioz egindako zubiak: kultur aniztasuna lantzen 1. DBHn
2025/12/17
Irakurle taldea Mikel Reparazekin, Lauaxeta Ikastolan
2025/12/17
Emma Novoa, Bizkaiko hipika txapelduna
2025/12/16
Esploratu, aurkitu, erabaki: Orientazio Azoka ospatu dugu Lauaxetan

Kategoriak

Buletinean harpidetu