Lauaxeta Ikastolak IB (International Baccalaureate) erakundearen autorizazioa jaso du PEP (HH eta LH ) eta PAI (DBH) programetarako. Urteetan zehar ikastolako hezkuntza-eredua etengabe hobetzeko egin dugun lanaren aitortza borobila da hau.
Aitzindariak munduan: IB programa, euskaraz
Mugarri honek badu ezaugarri berezi eta bakar bat: Lauaxeta Ikastola da PEP eta PAI programak euskaraz garatzen dituen munduko ikastetxe bakarra. Nazioarteko erakundeak berak berariazko errekonozimendua adierazi digu lorpen honengatik. Lehenengoak izateak esfortzu gehigarria eskatzen duelako: materialak sortu, kontzeptuak egokitu eta nazioarteko bikaintasuna gure hizkuntzarekin uztartu dugu, euskara munduko hezkuntza-sistemen lehen lerroan jartzeko gai dela frogatuz.
IB Ikastola bihurtu gure identitatea eta hezkuntza proiektua aldatu gabe
IB erakundeak beste ezaugarri eta indargune askoren artean, hurrengoa nabarmendu du ere. Lauaxeta ikastolak ez du proiektua aldatu edo egokitu behar izan prozesu guzti honetan. Lauaxetak bere identitate propioa eta proiektua mantenduz lortu du PAI eta PEP programek eskatzen dituzten kalitatezko irizpideak bermatzea eta hori garrantzitsua da oso etorkizunerako arrakastaren iraunkortasuna bermatazeko.
Ez da helmuga bat, hasiera berri bat baizik
IB baimena lortzea ez dugu ikusten ibilbide baten amaiera gisa. Alderantziz, abiapuntu bat da. Nazioarteko IB markoan lan egiteak ate berriak irekitzen dizkigu, gure hezkuntza-proiektua etenbako bikaintasunerantz eramaten jarraitzeko eta gure ikasleei etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnarik onenak emateko. https://www.ibo.org/es/
Komunitatearen garaipena
Lorpen hau kolektiboa da, eta ez litzateke posible izango gure komunitateko kide bakoitzaren laguntzarik gabe. Eskerrak eman nahi dizkiegu:
- Ikasleei, beraien gogo eta ikasteko gogoagatik.
- Irakasle eta langileei, erakutsitako profesionaltasun eta dedikazio isilagatik.
- Familiei, gure proiektuan duzuen konfiantzagatik eta bidelagun izateagatik.
- Aliatu guztiei, proiektu hau babestu eta bultzatu duzuen guztioi.
Zorionak guztioi, Lauaxeta Ikastola osatzen dugun familia handi honek lortutako arrakasta delako. Elkarrekin, etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu.







