Uda atseden hartzeko eta urtean zehar egin ezin izaten ditugun plan zein jarduerez gozatzeko balio izana espero dugu. Bihotz-bihotzez, ongi etorri.
Ongi etorri gutun hau gure ikasle Maddalen Errekagorriren heriotza gogoratuz hasi nahiko nuke. Joan den hilean zendu zen mendiaz gozatzen ari zela. Goian bego. Uda amaiera tristea izan dugu beraz, eta zoritxarrez horrelako istripuak gertatzen diren bakoitzean gertatu ohi denez, bizitzan benetan garrantzitsua dena lehenesten laguntzen digu. Besarkada handi bat familiei eta lagunei.
Ikasturte berriari dagokionez, zorionez, ilusioz, erronkaz eta proiektuz kargatuta dator. Urtero legez, irailaren lehen egunak emozioz beterikoe egunak izan ohi dira: ikaskideekin berriro elkartzeko ilusioa, oporren amaierak uzten duen nostalgia, eta hasiera berri batek dakarren gogoa zein helburuak. Lauaxetara lehen aldiz batzen zareten familientzat, ziurrenik emozio horiek oraindik ere intentsitate handiagoz biziko dituzue. Lasai egon: elkarrekin gaindituko ditugu bidean agertu daitezkeen oztopoak. Gogoratu, bai zuen seme-alaben tutoreak, bai ikastola osoa hemen gaudela zuei laguntzeko. Era berean, esperientzia handiagoa duten familiek ere zuen ondoan egongo dira egokitzapen-prozesua errazteko.
Bereziki Ikastolako txikienen familiei zuzendu nahiko nintzake: seme-alabak lehen aldiz Ikastolara datozen horiei. Litekeena da zuek beraiek baino urduriago egotea. Gure esperientziak dio garrantzitsuena lasaitasunari eustea dela, eskolaratzea haurren garapen pertsonalean urrats natural bat gehiago baita, oinez edo hitz egiten ikasten duten unearen parekoa. Beste urte batez, ilusio berezia egiten digu 1-2 eta 3 urteko gelako ikasleei eta familiei harrera egiteak, eremu berezi hau sendotuz eta txikienei ikastolako lehen urrats horietatik laguntzeko gure konpromisoari jarraipena emanez.
Ikasturtea proiektuz eta erronka berriz beteta dator. Izan ere, 2026-2027 ikasturtea gure Plan Estrategikoaren hirugarren urtea izango da, Lauaxetaren norabidea zehazten jarraitzen duena datozen urteetarako. Datorren asteetan ibilbide honen aurrerapenak eta berrikuntzak partekatuko ditugu zuekin. Berrikuntza eta lerro estrategiko berriak garrantzitsuak badira ere, gure lehentasuna Ikastolako oinarrizko ardatzak sendotzea izango da: egiten duguna ondo egitea.
Nabarmendu nahi dugu 2027an Lauaxeta Ikastolak 50 urte beteko dituela, eta, beraz, ikasturtearen bigarren zatia efemeride honekin lotutako ospakizun eta jarduerak izango dituela.
Hori esanda, gogoratu nahi dizuegu ere, urtero legez, oinarrizko garrantzia ematen diogula ikasleen osasun fisiko zein emozionalari; izan ere, ondo dagoen ikasle batek bere potentzial guztia garatzeko eta eskaintzen dizkiogun ikaskuntza-esperientzia aberatsak ahalik eta gehien aprobetxatzeko aukera baitu. Horregatik, ezinbestekoa da familiaren eta ikastolaren arteko komunikazioa sendoa eta egokia izatea.
Amaitzeko, lehen egun hauetan jasoko dituzuen komunikazioei arreta jartzea eskatzen dizuegu, ikasturtea behar bezala hasteko funtsezko informazioa baita.
Aurten ere elkarrekin jardun behar dugu ikasle, familia, irakasle-turoreak eta ez dozenteez osatutako komunitate gisa. Helburua argia da: ikasle bakoitzak bere gaitasunak eta ahalegina baloratzea, ikasturteko helburuak lortzea, sor daitezkeen zailtasunei aurre egitea eta, horrela, bere buruarentzat nahiz gizartearentzat etorkizun hobea eraikitzen jarraitzea
ONGI ETORRIAK! eta elkarlanean jarraitu dezagun.
Aitor Pagaldai
ZUZENDARIA







