Ikasturtearekin batera, eguneroko errutinak eta ordutegiak berreskuratzen ditugu… baita gure ikasleen ongizatean eragina duten ohitura txiki baina garrantzitsuak ere.
Lauaxetan uste dugu elikadura orekatu eta osasungarria hezkuntzaren parte ere badela. Jantokia ez da soilik bazkaltzeko tartea: elikagai berriak probatzeko, ohitura osasungarriak barneratzeko, autonomia garatzeko eta geure burua zaintzearen garrantziaz jabetzeko beste hezkuntza-gune bat da. ️
Horregatik, gure menuak nutrizio-irizpideak, aniztasuna eta oreka kontuan hartuta prestatzen dira, eta ahal den neurrian bertako eta sasoiko produktuak ere txertatzen dira.
Eta ohitura osasungarriak ez dira ikastolatik irtetean amaitzen. Egun osoan zehar jaten dugunak garrantzia du; horregatik, ikastolako menua ezagutzeak etxeko otorduak eta afariak hobeto antolatzen eta osatzen ere lagundu diezaguke.
Jakin nahi duzue zer jango dugun egunotan Lauaxetan?
Ikastolako menu eguneratua gure webgunean kontsulta dezakezue.
Gaur geure burua zaintzen ikastea biharko ongizatearen alde egitea ere badelako.






