🌍👓🗣️ Egun hauetan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 3. mailako ikasleek IBren esparruan garatutako bi indagazio-proiekturen ondorioak partekatu dituzte. Bi proiektuek helburu komun bat izan dute: ikasleei inguruko mundua hobeto ulertzen laguntzea, aniztasuna baloratzea eta begirada irekiagoa, kritikoagoa eta konprometituagoa garatzea.
Alde batetik, LH5eko ikasleek “Jarri nire betaurrekoak” proiektua aurkeztu dute. Unitate honetan, giza eskubideak, berdintasuna eta erantzukizun pertsonal zein instituzionala izan dituzte ardatz. Prozesuan zehar, giza munduaren eta mundu naturalaren arteko interdependentziaz hausnartu dute, izaki bizidun guztien duintasuna eta giza eskubide unibertsalek desberdintasunak eta diskriminazioa murrizteko duten garrantzia aztertuz.
Indagazio horretan, justizia soziala, aniztasuna, diskriminazioa, elkartasuna, duintasuna eta ekitatea bezalako kontzeptuak landu dituzte, inguruko errealitatearekiko begirada enpatikoagoa eta konprometituagoa garatuz.
Bestetik, LH3ko ikasleek “Do we look alike?” proiektuaren ondorioak aurkeztu dituzte. Unitate honetan, hizkuntza globala, identitate kulturala eta norberaren ondarea izan dituzte aztergai. Indagazioaren bidez, istorioek, komunitateek, tradizioek, ospakizunek, abestiek, kirolek eta hizkuntzek gure identitatea nola osatzen duten eta beste kultura batzuekin nola konektatzen gaituzten ikertu dute.
Era berean, globalizazioak, kolonizazioak edota immigrazioak kulturen bilakaeran izan duten eragina aztertu dute, kulturak estatikoak ez direla ulertuz: denboran zehar aldatu, elkarrizketatu eta aberastu egiten dira.
Bi proiektu hauen bidez, ikuspegia, lotura, aldaketa, erantzukizuna eta ekitatea bezalako kontzeptuak landu dituzte, eta IB profilaren ezaugarri garrantzitsuak indartu dituzte: indagatzaileak, solidarioak, pentsamolde irekikoak, zintzoak eta komunikatzaile onak izatea.
Ikaskuntza-esperientzia hauek gogorarazten digute heztea mundua beste ikuspegi batzuetatik begiratzen ikastea ere badela: aniztasuna baloratzea, pertsona guztien eskubideak errespetatzea eta gizarte justuago, baketsuago eta errespetuzkoago bat eraikitzeko ardura hartzea. ✨💙







